Taldeko foroa > Klasera zerekin goaz?

Klasera zerekin goaz?

Benito
orain dela 594 egun

Orain ikusi dut irakasleen foro batean solasaldia, eta hona ekartzea pentsatu dut, animatze aldera edo. Foro pribatua da eta lotura jarri arren ez duzue ikusiko, horregatik ez dut ipini.

Klasera esku hutsik ez gara joango seguruenik (bueno, inprobisazioaren artistak ere badaude munduan), egin nahi duguna aurretik prestatu eta zerrendatuko dugu nonbait. Koadernoak eta papera izaten dira erabilienak, akaso baten batek teknologiara jo du eta beste euskarriren batekin dabil.

Bestalde, batzuek paper zuriaren aurrean jarri eta hantxe egiten dute zerrenda, beste batzuek gidoi, fitxa edo eskemaren bat erabiltzen dute. Gehiena memorian gordetzen dutenak badira, beste batzuek ordea detaile txikiena ere apuntatzen dute.

Nola jasotzen duzue zuek klasean egingo duzuena? Zer erabiltzen duzue: koadernoa, orriak, ordenagailua, memoria (burukoa edo poltsikokoa)....?

Eta klasea prestatzeko ereduren bat erabiltzen duzue? Zerrenda egiten duzue? Nola azaltzen duzue betan egingo duzuena?

Eta, azkenik, pozik zaudete horrela? Balio dizue? Ala beste zerbait beharko zenukete?

Hango foroan irakasle batek hau idatzi du: "Para mí el éxito de una clase está directamente relacionado con el grado de preparación que pongo en ella. La planificación es lo que nos permite asegurarnos de que estamos cubriendo todas las bases en términos de los contenidos que queremos cubrir y de las destrezas que los estudiantes tienen que manejar". 

Zer deritzozue? Horrela da?

Ainhoa Ezeiza
orain dela 593 egun

Nik normalean zirriborroa daramat. Zenbaitetan, papertxo batean izaten dut, e-plataforma bat erabiltzen badugu, orduan bertan jartzen dut baina ez dut erakusgarri jartzen klasearen amaiera arte.

Kontua da planifikazioa oso lagungarria dela helburuak betetzen goazela ziurtatzeko, baina era berean, ez naiz gauzak lotuta eramatearen aldekoa, taldearen erantzunak zeresan handia duelako gure planifikazioak hartuko duen norabidearekin.

Gure planifikazioarekin itsutzen bagara, ikasteko aukera paregabeak galduko ditugu.  Baina inprobisatzeak ere leku txarrera eraman gaitzake, adibidez, geure gustuko gai edo edukien inguruan bueltak ematen ibiltzea eta oso garrantzitsuak izan daitezkeen bestelako lanak alde batera uztea.

Inprobisazioak duen beste arrisku bat da ikas-taldeak askatasun horretan lan egin ondoren, irakasleok ez jakitea taldeko lan horri etekina ateratzen ikaskuntzaren aldetik. Izan ere, dena delako jarduerak egin ondoren, garrantzitsua da eduki edo ideien artean loturak egitea, eta horretan irakaslearen rola funtsezkoa da.

Hala ere, nik esango nuke, neure kasuan behintzat, klasearen arrakasta ez dagoela prestakuntza-graduarekin erlazionatuta, baizik eta klasean sortzen den aberastasun hori irakatsi nahi genukeen horrekin lotzeko gaitasunarekin, jarduerak jakintza bihurtzeko prozesuan laguntzeko dudan gaitasunarekin, alegia.

 

Bea Sallaberry
orain dela 588 egun

Hau galdera zirrimola!!

Nahiko ados Ainhoak azaltzen duenarekin. Klase baten arrakasta, niretzat, lotua da nagusiki prestaketa mailari. Bainan ez bakarrik. Hortaz gain, esperientziari, hornikuntzari eta lasaitasun eta konfiantza mailari , prestakuntza eta talde kudetzeko gaitasunari ere, hertsiki.

 

Prestaketa mailari (sekuentziaren zentzu hertsian edo)baino erranen nuke, egin/eginarazi nahi den hori argi izatean. Diot helburua argia izan behar dela, ikasleenganik lortu nahi dena. Bitartekoak aurreikusi behar direla bainan bitarteko horiek ez dira baitezpada beharrezkoak, finkoak eta ez diete baitezpada, guk hala erabaki dugulako, ikasleek dituzten beharrei eta ager daitezkeen hutsuneei erantzunen.

 

Zure galderetan agertarazten duzu prestaketa VS inprobisaketa. Niretzat ez da hain argia kontua, eta Ainhoak azaltzen duena, bizitzen dugu askotan klasean: klaseratzen ditugunak, ikasleek berenganatzea eta planifikatu ez genituen eremuetara eramatea.

Inprobisazioa ez genezake erran berez txarra denik, dependitzen du zein motako inprobisazioa den, agian izari kontu bat da. Inprobisatzea, edozein antzerkilarik erran lezake, izaten ahal den ariketarik zailena da eta galgarria ere izaten da. Eta antzerkilari gutxi batzuk dira inprobisazio hutsak egiten dituztenak: izan ere, holakoetan ateratzen zaizkienak, aurretik eman, ikusi edo entzun dituztenetan oinarrituak dira.

Erakaskuntzan gauza bera gerta daiteke, momentu batez aurreikusi ez den hutsune bat agertzea, planifikatu ez genuen norabide batera jotzea, eta hori osatzeko/ eramateko? Moztu eta ondoko klase baterako utzi .. edo inprobisatu behar da. Momentu batean, ez klase oso batean, noski. Kasu horietan, erakaslearen esperientzia edo bizipenetan oinarritutako inprobisazio bat gerta daiteke, ikasleenganik atera denari probetxu ateratzeko, prestatu zena osatzeko, nik dakita.

Nire partetik, inprobisazio hutsa ez nezake jasan, seguraski 5 minutu baino gehiagorik. Inprobisatzea, zerotik sortzea bada, ezin da jakin ere nora eraman zaitzakeen. Holakoetan kontrolik ez du nehork, ez erakasleak, ez ikasleak. Eta, nire iduriko beti, kontrolarena (batzuk deituko dute prestaketa, bideraketa, nik dakita nola...) funtsezkoa da ikaste edo erakastean. Hori, kontrola ez da gidaritza, kontrolatzeak ez du erran nahi erakaslearen gidaritzapean bakarrik egiten direnik gauzak. Ekimen guziak erakaslearenganik etorriko balira, seinale txarra litzateke ere berdin.

 

Aste honetan eta datorrenean, bi ikastaro trinko ditut emateko, azken urteetan nagusiki holakoak ematen ditut. Zerekin joanen naizen klasera? Ba, nire orriarekin, zeinetan jarri baititut xeheki eta pausoz pauso klaseratuko ditudanak, noiz, nola eta zertarako, jakinez dudarik gabe, xendra batzuk hartu beharko ditudala, momentu batez edo bestez. A eta, segur-segur, netbook-a ere eramanen dut nirekin. Inkasean. Prestatu hori guzia sarturik, hori eta gehiago... badaezpada. Horrek nolazpaiteko lasaitasuna ematen dit, bereziki « kanpoan » egon behar dudanean klaseak ematen, eta gainera sareak eskaintzen dituen posibilitate guziak zabalik uzten dizkit.

 

Horiekin guziekin, prestaketaz segur eta honek berak izan ditzakeen hutsuneei aurre egiteko guziak eskutan ditudala pentsatuz, duela zenbait urte baino lasaiago joanen naiz klasera, nire baitan barna konbentziturik kontrola ezin dudala galdu eta klaseak ezin didala ihes egin, baita kontziente ere prestatu dudana ez dela baitezpada emanen dena eta ikasleek gauza gehiago edo desberdinak ere aterako dituztela.

Benito
orain dela 586 egun

Ados nago esan duzuen gehienarekin, eta akaso ideia batekin laburtuko nuke: irakasle baten lana ez da soilik klasea ondo prestatzea, ezta klasea "ematea" bakarrik ere. Beak esan duen bezala, inprobisazioa arte zaila da, eta sarri inprobisazioa aurrekoa errepikatzera ere mugatu ohi dela esango nuke.

Dena dela, beste muturrera joatea ere ez da erraza izaten. Eskola ondo planifikatuta izan (norberak edo beste inork: liburua, metodoa edo pertsonak) ere ez du bermatzen gauzak halaxe gertatuko direnik, areago, aurreikusi dugun modura gertatzea probabilitaterik txikiena dela esango nuke, irakasle automatikoa izango dugu kasu horretan, eta -Ainhoak dioen bezala- irakaslearen funtzio nagusietako bat aurrean duena interpretatzea da, momentuan, ikasleari erantzutea, testutinguratzea, ikaslearen beharrak antzematea, eta une horretan erantzun egokia aurkitzen saiatzea.

Musikari gutxi ausartuko dira oholtzara partiturarik gabe irteten, eta gutxiagok arrakasta lortu. Musika elektronikoa egiten duenak ere oinarri bat izango du programatuta, baina horren gainean jolasean ariko da saioan.

Ainhoak kontatu duenetik galdera bat etorri zait bestalde. Ez dakit ondo ulertu dudan, uste dut esan duela klaseko "partitura" hori ez duela erakusten saioa amaitu arte. Horrela bada, komenigarria izan daiteke ikasleari zer egiteko asmoa dugun aurretiaz jakinaraztea? Ala, hobe da akaso misterio apur bat gordetzea?

Ainhoa Ezeiza
orain dela 586 egun

Partitura? Jam-saioetan bezala, melodiak eta oinarrizko erritmoak markatzen ditut eta amaieran, ondo jasotzen dut gertatutakoa, ikasleei aurreratzen laguntzeko.

Misterioaren estrategia Literatura-klaseetan erabili ohi dut, sormena pizteko.

Ez dakit nire laguntzak askorik lagunduko duen...

Bea Sallaberry
orain dela 584 egun

 

Zuen postei itzuli zenbait ematen, zerbait ez dut ongi neurtzen edo behintzat zer gogoetatu ematen dit. Biek aipatzen dituzuen klase horietan, aipatzen duzue ikasleenganik datorrena eta horrek nola alda lezakeen aurreikusi dituzuen eskemak.Iduriz erakasle batzuk biziki malguak izaten dira eta partitura erdiarekin jotzea lortzen dute.

Holakoak hainbat testu teorikotan edo formakuntza saioetako dokumentaziotan irakurri izan ditut, eta primerakoa iduritzen zait teoria. Aldiz, hori klasean egitea konplexuagoa da.

Ez dakit ez denez lotua ematen den klase motari, ikasle tipologiari, ikastaroaren helburuari berari. Ez dut erraiten neurri batean edo bestean ez dugula egiten. Dudarik gabe, erakasleak beren programazioak etengabe egokitzen dabiltza, ikasleenganik izan duten oihartzuna kondutan hartuz., haien helburu pertsonalak eta profesionalak, zaletasunak, nik dakita zer gehiago. Baina, hemen deskribatzen den molde hain zabalean? Helduen euskalduntzean diot. Hori diot, zeren orain dudak sortzen baitzaizkit... ea ez dudan zerbaitetan huts egiten...

Ikusten dudana da, berez, helduen euskalduntzean, transmisio lan bat egiten dugula, berez erakasleak argi duela, ikasleak nundik nora doazen, eta horiek jakinki klaseratuko duela beti abiapundua izan daitekeena, bitarteko batzuk eta ikasleak eramanen dituela espero den horretara, moldaketak eginen dituela, aurreikusi zuen horretatik bainan nonbait gidaritza nagusiki berea izaten dela. Ikasleek ere argi izan behar dute zertara helarazi nahi ditugun. Noski. Baina zaila zait ikustea hori nolako klasea bihur litekeen, etengabe ikasleek ekar lezaketena integratu behar banu. Lehenik, irakaskuntzaren (ez ikaskuntzaren) oinarrian erakaslea delako, oinarri diot beste edozeinek baino hobeki nundik, nora eta nola joan behar den dakielako, argi duelako helmuga eta norabidea berak markatzen duen ber. Bigarrenik, ikasle gutxik dutelako jarrera hori eta gaitasuna, eduki edo testu pertinenteak ekartzeko (nik dudan esperientzian behintzat), ez badira hortara akulatzen. Hirugarrenik, argi izanik ere helburua, ez dezaketelako beti ongi neurtu 'nola' hori eta norabidea galaraz. Azkenik, garatu nahi den gaitasuna nagusiki eta lehenik hizkuntz gaitasuna izaten delako eta ez hainbeste beste formakuntza mota batean garatzen den erreflexiorako edo sorkuntzarako gaitasuna. Hots nekeziak ditut ulertzeko klaseak nola izan daitezkeen hain 'parte hartzaileak' nun, azkenean, ikasleak marka baitezake norabidea

Aipatzen dituzuen jarduera horiek gauza daitezke erreskiago goi mailetan, iduritzen zaidanez. Eta nahi nuke norbaitek, inprobisazioa egiten duten horietarik batek azkenean,  deskriba baleza, hemen aipatzen dena konkretuki nola egiten duen. Bainan ez 3. maila, 4. maila edo trebakuntza saio batean. Baizik eta euskalduntze maila arrunt batean. Hementxe gainean deskribatzen dudan eskematik harago joanez gero.

Ale, adiii!! ;)

 

Josu Lezameta
orain dela 572 egun

Berandu natorkizue eztabaidara baina, tira, banator.

Lau ikasturte eman ditut autoikaskuntzan eta molde honetan ikasleekiko saio mota bi nituen: Tutoretza eta Mintzasaioa. Lehenengoan zer behar nuen? Ordenagailua, Interneterako konexioa eta folio batzuk eta arkatza, zirriborroak egiteko; badakizue, bezala-bezalakoa azaltzeko eta abar... ;-) Mintzasaioetan, taldearen arabera: berritsuenetan, gaia bota eta berbaldiak kudeatu, noizean behin arbelean zeozer azaldu eta kito; berba gutxiko ikasleekin material gehiago: gehienak, fotokopiak testu laburrekin, galderak...; eta mihietatik tira eta tira.

Baina orain "ohiko talde" (astean 10 ordu, egunean 2) bat egokitu zait autoikaskuntzakoez gain eta gelara, fotokopiez gain, duela lau urte eramaten ez nuen zerbait daukat: ordenagailu eramangarria eta Interneterako konexioa. Batzuetan kainoia eta pantaila. Lehen noizean behingo kontua zena, egunerokoa bihurtu da: ez bideozintarik, ez kaseterik, ez CDrik...

Hau guztia, materialaz. Bestela, jam-session kontzeptuarekin guztiz bat: nire klaseak horrelakoak dira.

Aleeeeeee!

-

Fokua

Sortzen

Ongi etorri ZutaGu-ra

Ziur gaude unibertsitateko irakasle bat bazara, zure herriko elkarte batean lan egiten baduzu edota gogoko dituzun gaien inguruan lan egiten duen pertsona bazara, zure ezagutza beste batzuekin partekatzeko gogoa izan duzula noizbait. Iritsi zara geltokira, hau da zure gunea.