Taldeko foroa > Irakasteko zailena

Irakasteko zailena

Benito
orain dela 624 egun

ELE edo gaztelaniaren irakaskuntzan diharduten blogari batzuek mintzagai bat zabaldu dute euren blogetan: "Lo que más me cuesta enseñar", norberarentzat irakasten zailena zer den kontatzen hasi dira. Mezu bi irakurri ditut orain arte, J. Ramónen hau eta Maribelele blogean beste hau

Batak garbantzua (txitxiroa barkatu :D ) hitzaren esanahia adierazteko arazoak aipatzen ditu, besteak gogoeta zabalagoa eginda kontu soziokulturalak azaldu eta ulertarazi nahian zer-nolako sorpresak hartzen diren kontatu digu.

Euskara hain hizkuntza "zaila" izanda, noski, guretzat galdera horrek ez du batere zailtasunik izango orduan.

Zer da euskara irakasleontzat beraz irakasten, ikastarazten, ulertarazten, azaltzen edo lortzen zailena? Zein da denok pasatu nahi ez genukeen momentu hori?

Ikasturteari flagelatzen emango diogu martxa ba!

Josu Lezameta
orain dela 622 egun

Ba, horrela bat-batean NOLA-NOLAKOA / BEZALA-BEZALAKOA horrek jartzen nau sarri izerditan, batez ere "adjetibo" edo "adberbio" ezin badizkiozu aipatu ikasleari.

Ergatiboa azaltzeko, transitibotasuna eta intransitibotasuna kontzeptuak ulertaraztea ere batzuetan konplikatua izaten da.

Benito
orain dela 622 egun

Bai, "nola-nolakoa" edo "zuretzat-zuretzako" bezalakoak klasikoetako bat izaten dira. Nik aipatu nahi nuke irakasleei sarritan entzuten diegun hitz bat: "konpletiboa". Ez dakit zergatik egia esanda, baina askotan aipatzen digu "ikasleek ez dakite ondo konpletiboa egiten", "konpletiboak lantzeko zerbait behar dugu"... Dena dela, akaso bereizketa bat egin beharra dago: zer den guri azaltzea-ulertaraztea kostatzen zaiguna eta zer den ikasleari praktikan jartzea kostatzen zaiona.

Bea Sallaberry
orain dela 622 egun

Neke barnerarazteko iduritzen zaidana (edo behintzat inpresio hori ematen dit, udan honetan leher egin dudalako honen zuzentzen ikastaldeko gehienei): etengabe mugimenduaren berri adieraztearen hori. Ez gara ohartzen bainan 10 erranaldietatik 8tan -n/-ra/tik/-raino/ arte... edo -tzen/ -tzera/ tzetik/ … pare bat gutxienik erabiltzen dugula. « Bai, mugimendua badelako! Edo aditza nik-dakita-zein delako! Beraz adierazi behar duzu! » Teorian biziki sinplea da, praktikan ufff! Ulertaraztea, bai, ulertzen da, nominalizioarenak denbora gehiago kostatzen badu ere. Bainan erabilaraztea, beste afera bat da.

Alde gramatikalean zentratu gabe, buru hausteak sortzen dituen beste bat: toka/noka artzearena? Biziki berezia delako, nire inguruan behintzat eta biziki kodifikatua. Ez dut aipatzen formak ikastea eta erabiltzea, baizik eta jakitea noiz, norekin erabiltzen ahal diren. Gehitu behar bada, zonalde batzuetan, arrazoin bat edo besterengatik, « gaizki » erran gabe, « desberdin » erabiltzen hasi direla, hots, itxura guzien arabera erabilpen berriak agertzen ari direla... kuraia on!

Pilar Montoya
orain dela 616 egun

Irakasteko zailena? Erantzuna seguru asko ikaslearen gaitasunetan aurkituko dugu. Zer da ikasle jaki bati ikasten, erabiltzen gehien kostatzen zaiona? Zer da bere komunikazioa arrakastatsua izan dadin behar duena?

Ikasle mota asko dago eta batzuekin ez dugu arazo berezirik gure irakas-jardueran. Batzuek ederto dakite gaiak garatzen; beste batzuek inguruan gertatzen denaz jakitun dira eta gelan sartu bezain pronto beraiek dira gai-jartzaileak; badira astero liburu bat irakurtzen dutenak ere...

Baina, zer egin parte hartzen ez duen ikasle horrekin, isila denarekin, zalantzatia den horrekin?

Nola heldu gai bati zer kontatua ez duen horrekin? Gai bat atera eta "ez dakit zer esan" erantzuten duenarekin?

Niretzat esaldi mailako kontuak, hiztegia edota testuak sortzen irakastea arazo txikiak dira ikaslea komunikatzeko gogoa/edota zer esan ez dakienean. Hor dago niretzat zailtasuna.

 

 

 

 


-

Fokua

Sortzen

Ongi etorri ZutaGu-ra

Ziur gaude unibertsitateko irakasle bat bazara, zure herriko elkarte batean lan egiten baduzu edota gogoko dituzun gaien inguruan lan egiten duen pertsona bazara, zure ezagutza beste batzuekin partekatzeko gogoa izan duzula noizbait. Iritsi zara geltokira, hau da zure gunea.