Taldeko foroa > Gure ekintza eremua orain arte aisialdi edo militantziaren mugetan ibili ei da

Gure ekintza eremua orain arte aisialdi edo militantziaren mugetan ibili ei da

txerra
orain dela 769 egun

 

Edo behintzat hori dio gaurko Petra Elserrek sustatu.com-en (entresaka bat da hau):

 

Iruditzen zait lan sektorea dela euskaldunok kanporatze handiena pairatzen duguna eta aldi berean zalantzan gutxien jartzen duguna. Hainbat artikulu irakurri ditugu azken asteetan euskara elkarteen gogoeta prozesuari buruz, etorkizunari begira erronkak zein diren aztertuz. Miner-ek ere aipatzen duen bezala, orain arte askoz gehiago (eta gehiegi) zentratu dira euskara elkarteak udalerri eta auzoaren ideian. Ondorioz, ekintza-eremua askotan aisialdi edo militantziaren mugetan barne geratzen da.

Aldi berean, gizartean lanaren eta euskararen arteko lotura positiboa lortu eza, jende askorentzat euskara eta lanaren arteko asoziazioa lanpostu jakin bat lortzeko gainditu behar den hizkuntza perfila da, lanpostua lortuz gero hori guztia ahalik eta azkarren ahazteko, azterketa eta euskara bera.

Guztiz bide egokia iruditzen zait, beraz, euskara elkarteek beren hausnarketa prozesuan beste sektore eta beste eremu batzuei, lan eremuari edo etorkinen egoerari besteak beste, arreta gehiago ematea.

marti(n)
orain dela 768 egun

Ez nago ados aisialdi eta militantzian soilik ibili izan garenaren baieztapenarekin. Ez dut uste horrela denik. Egia da, hainbat euskara elkartek aisialdia eta kultura hartu dutela bere jarduera eremu nagusi modura, baina beste arlo batzuetan elkarte batzuek egindakoa ez litzateke aintzat hartuko horrela. Durangon Rosa Ramosek aurkeztu zuen euskara elkarteen jardueraren inguruko mapa moduko bat eta hor agertzen zirenetatik bi eremu bakarrik dira horiek. Tokiko hedabideak aisialdiaren eremuan kokatu ditzakegu? Eta sentsibilizazioa? Eta euskalgintza egituratzeko hainbat herritan euskara elkarteek duten funtzioa? Are: Petra Elserren idatzian agertzen diren lan-mundua eta etorkinen eremuetan ere ibiliak dira euskara elkarte batzuk, indar gehiagorekin edo gutxiagorekin. Mintzapraktika egitasmoak bai egon daitezke aisialdiaren eremutik gertuago, baina beste funtzio batean kokatuko nituzke: saregintzan.

Petra Elserrek (Imanol Minerrenaren bidetik) planteatzen duenaren bigarren zatiak zer pentsatua eman beharko luke, hala ere. Herri eta auzo mailako euskara elkarteetatik edozein eremutan (enpresak, elkarteak, administrazioa, Internet,...) antolatzen diren euskaldunon elkarteetarako urratsa emateak ikuspegia zabaltzea ekarriko luke, eragiteko eremuak zabaldu eta aberastu. Eta horretan, Imanol Minerrek proposatzen duenaren bidetik bi planotan aritzea egokituko litzaieke euskaldunon elkarteei: pertsonak eta komunitatea. Azkenengo hau kontuan hartzea funtsezkoa dela deritzot, horrek bereizten baitu mugimendu hau beste batzuetatik, pertsonarengan bakarrik zentratzen direnengandik edo komunitatearengan bakarrik zentratzen direnetatik.

Edonola, oso interesgarria Petraren ekarpena. Beste entresaka bat ere egingo nuke, euskara elkarteen mugimenduarentzat interesgarria:

Baina urte hauetako esperientziak ere erakutsi du, soluzioa ez datorrela politikatik soilik. Legeak eta planak dira tresnak eta babesa, eta beharrezkoak eta lagungarriak dira, baina abiapuntua da hiztunaren kontzientzia. Hiztun heldua, kontzientea, segurua eta baikorra. Eta hiztun kontziente honek bilatzen ditu behar dituen tresnak, eta ematen eta bilatzen du babesa, elkarte, organismo eta erakunde guztien aldetik. Baina ez bizitaren eremu horretarako “erreserbatu” direnetan, baizik eta bizitza berarentzako, bizitzaren osotasunean, lan orduak eta lan ibilbidea barne.

-

Fokua

Sortzen

Ongi etorri ZutaGu-ra

Ziur gaude unibertsitateko irakasle bat bazara, zure herriko elkarte batean lan egiten baduzu edota gogoko dituzun gaien inguruan lan egiten duen pertsona bazara, zure ezagutza beste batzuekin partekatzeko gogoa izan duzula noizbait. Iritsi zara geltokira, hau da zure gunea.