
13-14 urterekin eskolaz kanpoko ekintzetan argazkilaritzan aritu ondoren nahiko utzia neukan afizio hau. Orduan, karretedun reflex pare batekin aritzen ginen eta ondoren gela ilun batean sartu eta guk geuk pasatzen genituen paperera denborari ostutako irudi haiek.
Hau bukatzean, reflexik ez eta batez ere gela ilunik ez nuenez alde batera utzi nuen argazkien mundua eta urte batzuk beranduago kamera digitalak zabaltzen hasi zirenean nire lehen kamera digitala erosi nuen: Canon Powershot S1 IS. Gustora aritu nintzen honekin argazkiak ateratzen baina faltan botatzen nituen kamera zaharrek ematen zizkidaten sentsazioak.
Pasa den urtean fabrikazio akatsak medio kamera hau puskatu egin zitzaidan eta Canonekoek aitortutako fabrikazio akatsa zenez beste argazki makina berri bat bidali zidaten (ezin nuen sinetsi). Ni dagoeneko reflex digitalei begira nenbilen. Canonek bidalia saldu eta bigarren eskuko Pentax K10D bat erosi nuen. Merke lortu nuenez (berria bezala zegoen) diru gehixeago gastatu eta Sigma 17-70 objetiboa erosi nuen reflex berriaz gozatzen hasteko.
Probatzen hasteko, etxe inguruan buelta bat eman eta zer hobeto auzoko ardiak baino? Argazki batzuk bota eta konturatu nintzen lehengo makinekin izandako sentsazioak berreskuratu nituela nolabait. Etxera joan eta instalatu berri nuen Lightroom-a ireki eta argazkiekin jolasten hasi nintzen. Gogoan nuen "Euskal Herria esentziak" liburuko argazkiek zuten trataera berezia eta antzeko zerbait lortzen ahalegindu nintzen. Ez dakit lortu nuen baina gustora geratu nintzen argazki honekin eta I. Arrigazte argazki lehiaketara aurkeztu nuen. Duela gutxi jakin dut 3. saria jaso dudala.
Hauxe da argazki honen atzean dagoen historia. Nire asmoa argazkiak publikatu eta hauek atzetik dutena kontatzea izango da blog honen bidez. Esan beharra dut www.comolahice.com web orritik jaso dudala ideia hau.
Zer deritzozue, idea horretan oinarrituz, talde bat sortu eta bakoitzak bere argazkiak igo eta nola egin genituen kontatzen badugu?
* Lehen argazki honen datu teknikoak aurrerago jarriko ditut orain ez ditut eta eskura.