February 12, 2010 nork: Benito
Iruzkinak (2)
Kamerarekin endredatzen hasi eta denetik probatu nahi izaten dugu. Proba baten historia kontatuko dizuet bada.
Beharbada batzuek entzunda daukazue zeta-efektua zer den, mugimenduan dagoen urari argazkia egiteko esposizioa luzatzen baduzu, urak testura leuna eta lausotua hartzen du argazkian, lanbroa edo lurruna balego bezala. Efektu polita lortzen da eta argazki asko egiten dira horrela itsaso bazterrean eta mendiko erreketan adibidez.
Argazki hauek egiteko esan bezala, esposizio luzea behar da, ez oso, baina kamerari eskuz eusteko baino luzeagoa bai, tripodea komeni izaten da beraz, bestalde, egun argiz egin nahi badugu, argazkia ez "erretzeko" argitasuna kentzen duten filtroak komeni dira, dentsitate neutroko filtroak edo.
Tira, ba horrelako bat probatu gura eta hemen Bilbon ez daukagu ez itsasorik ez mendiko ur-jauzi askorik, eta kanpora joateko alfertuta, gogoratu nuen Abusu auzoan, Ibaizabal-Nerbioi binomioa erreka kategoriatik itsasadar kategoriara pasatzen den lekuan, presa bat daukagula, Abusu ikastolaren aurrean hain zuzen. Eta domeka arrasti tonto batean, kamera hartu eta hara jo nuen Atxuritik paseoan, eta badakizue, paseoan kamera eskuan daukazula ez duzu trastoa trankil uzten, ez.
Total, presara ailegatu orduko bidean partida bat argazki eginda nengoen, eta bertan nagoela tripoderik ez gainera. Eskerrak bazterrean barandila sendoa dagoela eta kamera haren gainean zelan edo hala paratzea lortu nuen. ND8 filtroa ipini, polarizadorea ere bai badaezpada, eguna argitsu zegoen-eta (eduki ezkero porlan kapa bat ere botako niola uste dut XD). Obturadorea 5 segundutan ipini, eta tripode barik nengoenez tenporizadorea erabili nuen. Botoiari sakatu eta horra argazkia.
Argazkia, bat eta bakarra, ze bisorean agertu orduko kamera amatatu egin zen, bide luzea aurretik eta bateria agortuta. Baina tira, proba egiten joan eta azken sprintean ozta-ozta lortu nuen. Lastima gehiago egin ezin izana (bateriak etxean ahaztuta) baina sikieran argazki kuriosoa geratu zen, eta eguneko helburua beteta: zeta-efektua Bilbotik irten barik lortu daiteke :DDDD
Datu teknikoak: Canon EOS 1000d kamera, 18-55 objektiboa (kit-ekoa) 18mm-tan, 5 segunduko esposizioa (tripode munizipalaren gainean), f/14, ISO 100. RAWn eginda eta Lightroom-en prozesatua: arteztu ("tripode" hori ez dago ondo nibelatuta), esposizioa, beltzak, tonuak (orijinalean lohi kolore lartxu neure gusturako).
February 10, 2010 nork: etxebaiker
Iruzkinak (2)
argazkiak argazkilaritza alboka eguzkia dantzan gerizpa "nola egin nuen" "pentax k10d"

Aspaldian ez dut ezer berririk igo blogera eta hemen doa Arizkunen 8. Alboka topaketetan ateratako argazki bat.
Nire Pentax K10D berriarekin oraindik ere lehen egunak nituen eta alboka topaketak aprobetxatuz argazki piloa ateratzeko aukera izan nuen.
Hemen jarri dudanari dagokionez, eguerdia zen eta kalejiraren ondoren plazatxo batera heldu ginen. Eguzkiak ederki jotzen zuen eta albokaren soinura dantzan zebilen jendeari atera nion argazki bat. Hasieran ez nion gauza handirik ikusi argazkiari baina hurrengo egunetan etxean argazkiak begiratzen jarri eta konturatu nintzen sekulako gerizpeak zeudela argazki honetan. Lightroom-en ireki eta reenkuadre bat egin nion oinak eta gerizpa bakarrik utziz argazkian. Ondoren nibelak ikutu nizkion apur bat gerizpa indartu eta kolore neutroagoak jarriz. Idea zen neskaren oinak bakarrik ikusi baina asmatzea neska dantzan ari zela. Uste dut lortu nuela baina zeuek esango duzue...
8. Alboka topaketatetan atera nituen argazkiak hemen daude ikusgai: http:/
February 3, 2010 nork: Auggie
Iruzkinak (3)
pinhole, matchbox pinhole, solargraphy, bilbo, la salve, guggenheim
Gaur ere pinhole batekin egineko argazkia dakarkit. Aurrekoan kimikoak beharrezkoak ziren, matchbox pinholearekin egindako kapturak errebelatzeko. Gaurko pinholea sinpleagoa da oraindik, hori bai, kamara prestatzen dugun aldiko argazki bat baino ezin da egin eta ez da kimikorik behar errebelatzeko, eskaner txukun bat baino ez.
Kamera egiteko nahikoa da karreteak gordetzeko pote beltz txiki hoietako bat, errebelatzeko paper zati bat edo pelikula zati bat, zilarrezko papera eta zinta beltza. Orratz batekin zulo txiki bat egin zilarrezko paperari. Poteari zulo bat egin eta han zilarrezko papera itsatsi. Barruan paper fotosentikorra jarri eta listo.
Esposizioa luzea egitea komeni da. Beheko irudia lortzeko aste beteko esposizioa behar izan zen. Bilboko La Salve zubi bertatik aterea dago, Campovolantinera jeisten diren eskaileretatik. Zeruan ikusten diren lerro argi paraboliko hoiek eguzkiak utzitako arrastoak dira, eguneko lerro bat eta eguzkia laino tartean ezkutatzen bada lerroa intermitentea da, ezkerrean goiza, eskubialdean arratsaldea. Eguzkia neguko solstiziora hurbiltzen den einean parabola lauagoa da.
Errebelatzeko papera atera eta eskaneatzea geratzen da, gela ilun batean egitea komeni da eta eskaneatu nahi dugun zatia beste plantilla batekin aurreikustea. Papera piskanaka belatzen joango bait da eskanerraren argia soilarekin. Eskanerrean ahalik eta bit sakonera haundiena aukeratu eta koloretan eskaneatu, gero kolore mailak norberaren gustura mugitu eta kitto.
Froga egin nahi izanez gero, solargraphy.com-eko Tarja Trygg-i eskatu, mundu guztiko solargrafiak biltzen ditu, zuk esposizioa baino ez duzu egin behar, berak bidaliko dizu kamara prest, zuk argazkia egin eta berak eskaneatu eta emailez bidaliko dizu emaitza.
Irudi gehiago beti bezela flickrren: solargraphy.
Kamara: Pinhole.
Esposizio denbora: aste 1.
January 30, 2010 nork: Benito
Iruzkinak (6)
pentacon, canon, euria, aterkiak
Ea ba, taldetxo hau animatzen hasi dela, botako dut beste bat. Jarraitzen dut objektibo zaharrak probatzen. Oraingoan honen txanda izan da, Pentacon 2.8 29mm auto. Lehengo egunean ikusi nuen ebay-n merke, eta apur bat arakatuta, ematen du Pentacon ez direla punta-puntako kristalak izan, baina Ekialdeko Alemanian egindako objektibo zaharren artean kalitate maila dexentea dutela dirudi. Gogoa eduki dut gainera fokal horretako bat probatzeko, APS-C makinetan 29mm horiek 45mm inguruko baliokidea ematen dute 35mm-rako, 50mm-ko klasikotik gertu.
Objektiboa eskatu (30 euro inguru), jaso eta probatzeko gogoa eduki dut. Baina, gaur arte aukerarik ez egun argiz ibiltzeko, eta gaur egun santu guztia euria eta euria. Kanpora irten ezin beraz. Total, leihora irten eta etxe barruko epeletik kalera apuntatu dut, eta goitik guardasolak baino ez dira ikusten:
Euri artean eta egun zatar honetan oraindino maitasun apur bat dabilela dirudi, ezta? Konposizioa apur bat arraroa egiten zait, baina zeozer dauka. Zuek esan bestela.
Datu teknikoak:
Canon EOS 1000d kamera, Pentacon 29mm 2.8 objektiboa M42 moldagailuarekin; 1/60, f/4, ISO 100; RAWn eginda eta Lightroom-ekin prozesatua (biñeteoa, saturazioa, fokoa eta zurien balantzea ikututa, besteak beste).
29mm horiekin 135koarekin baino errazagoa da eskuz enfokatzea gainera, igartzen da askoz eremu-sakonera handiagoa dugula.
January 27, 2010 nork: Auggie
Iruzkinak (2)
Argazkigintzaren oinarria, argiak zulo txiki batetik pasatzean egiten duen efektua da eta proiektatzen duen argi hori kutxa beltz batean jasotzea. Denok ezagutuko dituzue kamara estenopeikoak edo pinhole kamarak. Argazkigintza ikasi dutenek esperimentu gisara kartoizko kaja beltz batekin edo lata batekin eta paper fotosensiblearekin inoiz egingo zuten kamara bat.
Sarean informazio bila nenbilela estenopeika txiki berezi bat egiteko modelo bat aurkitu nuen, paper fotografikoarekin egin beharrean 35mm.ko pelikularekin. Ohiko estenopeiketan argazki bakoitzeko kamara paper fotografikoz birkargatu behar zen, hemen ez, kamara poxpolo kaxa ilun bat da eta barrutik pelikula pasatzen doa karrete batetik bestera. Argazki kamara merkea benetan. Hemen daukazue matchbox pinhole kamara nola egin erakusten duen orria. Eta hemen nire kamara.
Zorionez kamara ez nuen ondo seilatu eta poxpolo kaxa eta karretea juntatzen diren lekutik argia sartzen zitzaion, horregatik dauka argizpi horia erdian. Gezurra badirudi ere argazki hontan software digitala eskaneatzeko eta eskalatzeko baino ez dut erabili. Koloreak berezkoak ditu. Diapositiba pelikula erabili eta negatibo arrunt bezela errebelatua izan da, prozesu gurutzatua edo xpro deitzen zaiona. Argazki lomografikoan erabiltzen den teknika, kolore biziko irudiak eta kontraste haundikoak lortzen dituena.
Irudia bera, Tolosako zerkausian aterea da, merkatuan. Loresaltzaile baten postuko loreak dira, pikatuan aterea dago. Hondoan jendearen oinak eta erosketa karro bat ageri dira. Segundu pare bateko esposizioa denez, irudia mugitua agertzen da. Flickrreko set hontan ikus ditzakezue kamararekin egindako emaitza gehiago.
January 22, 2010 nork: Auggie
Iruzkinak (5)
crazy joe, analogikoa, yashica electro 35 gsn
Lehen aportazioa, 2009ko martxoan Andoaingo Basteron egindako kontzertu baten ateratakoa. Irungo Bloody Marytik antolatzen diren Basterock kontzertuetako bat: Crazy Joe and His Mad River Outlaws. Dayton, Ohioko Nerd-a-Billy-a.
Kamera digitalen megapixelen guduaz nekatuta-edo Yashica Electro 35 GSN bat iritsi zen gure eskuetara oparitan. Kamara honek argia neurtzeko behar duen pila ez da saltzen jada, merkurioduna bait da, modding bat egin ondoren martxan jarri eta primerako argazkiak atertzen ditu katxarroak.
Kontzertu iluneko argi printza guztiak jasotzeko kamararen irekiera bikainaz probestu (f1.7) eta gainera 1600 ISOko Fuji Superia pelikula bat lortu genuen, nahiz eta argi gutxi izan, esposizio laburrak lortu ahal izateko. Kamararen punturik ahulena baldintza ilunetan eta mugimenduan ondo enfokatzeko sistemaren zailtasuna da. Tom Salvatierra, marakekin abesten mugimenduan zegoen, enfokatzeko zailegia, geldi zegoen mikroaren oina enfokatu eta Tom parean jartzerakoan, klisk!
Momentu hau Bo Diddleyren bertsioa jo zutenekoa: Hey! Bo Diddley! [youtube]
Kamera: Yashica Electro 35 GSN
Pelikula: Fuji Superia 1600 ISO
Irekiera: f/1.7.
Lentea: Yashinon 45 mm.
Irekierari lehentasuna.
January 22, 2010 nork: Benito
Iruzkinak (2)
czj, usoa, farola, begoña, ligthroom
Txiringo hau animatzen hasteko eta probatan gabiltzala proba batekin hasiko naiz.
Forora bota nuen atzo, baina argazkiak blogean eta gainerako kontuak forora botatzea adostuta, hona ekarriko dut eta handik kenduko dut argazkia.
Hau da, lau argazkiren montaitxoa:
Historia apur bat, ez asko (proba dela esan dugu ;-) ).
Lehengo egunean topatu nuen Interneten objektibo zaharra merke, hau: Carl Zeiss Jena Sonnar 135mm. Argazkilaritzara etorri berrian naiz ia, baina jakin mina eman zidaten halako objektibo zaharrek. Topatzen hasi eta jakin nuen oraingo kamera askorekin erabil daitezekeela, Canon 1000d bat daukat eta Canonentzako adaptadore merkeak daude. Hori bai, diafragma eta enfokea eskuz ipini behar dira. Gainera, ikusi nuen hori bere sasoian nahikoa ona zela eta oraingo askoren parean ei dago eta jende askok apreziatzen ditu halakoak gaur egun.
Ba, merke ikusi nuen (35 euro inguru) eta asko pentsatu barik jo ta erosi egin nuen. Probatu egin beharko dugu ba! Hartu, adaptadorea ipini eta kanpora joan probatzen.
Emaitza, 40 argazkitatik 34 desenfokatuta :((((. Eskuz enfokatzea meritua gero! Azkenerako lortu nuen fokoari neurri apur bat hartzea (ez dena baina), usoa farolaren gainean paratu zenerako.
Lightroom-en print moduluarekin montajea egin eta hemen testigantza. Enfokatu ez, baina arratsalde entretenitua pasatu bai.
Datu teknikoak ez dauzkat denak hemen. Gero ipiniko ditut zehatzago, momentuz gogoratzen ditudanak: Canon EOS 1000d, 135 mm, f/5.6, ISO 100, 1/320, usoa, farola eta Begoñako baseliza.
January 22, 2010 nork: etxebaiker
Iruzkinak (3)
argazkiak argazkilaritza girona gauez argiak ibaia paisaia "nola egin nuen" "sigma dp1"

Herrialde Katalanetan ginen opor egun batzuk pasatzen. Egunez Girona ikusi eta reflexarekin argazki batzuk atera ostean trastoak furgonetan utzi eta afaltzera joan ginen ibaiaren ondoko taberna batetara. Reflexa furgonetan utzia nuen baina bada ezpada poltsan neukan aste batzuk aurrerago erositako Sigma DP1 kamera "konpakta" berezia.
Afaldu ondoren, buelta bat eman alde zaharrean zehar eta furgonetara gindoazela konturatu nintzen egunez bezala, gauez ere Gironako ibai inguru horrek baduela zerbait berezia. Sigma DP1-a poltsatik atera eta tripoderik ez nuenez zubiko baranda gainean jarri nuen. ISO 100-ean jarri, argia neurtu eta 15 segundotik gorako toma behar nuela zioen kamerak. Baina kamera honek ez duenez aukerarik 15 segundotik gorako tomarik egiteko, eta denbora asko gehigo ez zidanez eskatzen, zegoen bezala ateratzea erabaki nuen, ondoren behar izanez gero ordenagailuan konpontzeko exposizioaren kontua. 2 segundoko atzerapenaz kliskatzeko aukera jarri mugituta atera ez zedin eta aurrera! Emaitza pantailan ikusi nuenean gustora geratu nintzen eta furgonetara joan ginen lotara.
Bayer erako sentsorea izan beharrean Foveon deiturikoa dauka kamera honek eta horrek baditu bere berezitasunak. Gaueko irudi gutxi ikusi nituen interneten kamera honekin eginak baina egia esan ni gustora nago emandako emaitzekin. Irekidura f6-an jarri nuen ahalik eta gardenen atera zedin dena ISO-a igo beharrik izan gabe 15 segundoko muga kontutan izanda.
Ondoren nibelak ikutu nizkion apur bat (batez ere exposizioa) ordenagailuan Sigma Photo Pro softwarearekin.
Datu teknikoak: Kamera: Sigma DP1. Exposizioa: 15 Segundu. Irekidura: f/6.0. Lentea: 16mm. Distantzi fokala (35mm): 28mm. ISO 100.
January 21, 2010 nork: etxebaiker
Iruzkinak (0)
argazkiak argazkilaritza ardiak "nola egin nuen" "pentax k10d"

13-14 urterekin eskolaz kanpoko ekintzetan argazkilaritzan aritu ondoren nahiko utzia neukan afizio hau. Orduan, karretedun reflex pare batekin aritzen ginen eta ondoren gela ilun batean sartu eta guk geuk pasatzen genituen paperera denborari ostutako irudi haiek.
Hau bukatzean, reflexik ez eta batez ere gela ilunik ez nuenez alde batera utzi nuen argazkien mundua eta urte batzuk beranduago kamera digitalak zabaltzen hasi zirenean nire lehen kamera digitala erosi nuen: Canon Powershot S1 IS. Gustora aritu nintzen honekin argazkiak ateratzen baina faltan botatzen nituen kamera zaharrek ematen zizkidaten sentsazioak.
Pasa den urtean fabrikazio akatsak medio kamera hau puskatu egin zitzaidan eta Canonekoek aitortutako fabrikazio akatsa zenez beste argazki makina berri bat bidali zidaten (ezin nuen sinetsi). Ni dagoeneko reflex digitalei begira nenbilen. Canonek bidalia saldu eta bigarren eskuko Pentax K10D bat erosi nuen. Merke lortu nuenez (berria bezala zegoen) diru gehixeago gastatu eta Sigma 17-70 objetiboa erosi nuen reflex berriaz gozatzen hasteko.
Probatzen hasteko, etxe inguruan buelta bat eman eta zer hobeto auzoko ardiak baino? Argazki batzuk bota eta konturatu nintzen lehengo makinekin izandako sentsazioak berreskuratu nituela nolabait. Etxera joan eta instalatu berri nuen Lightroom-a ireki eta argazkiekin jolasten hasi nintzen. Gogoan nuen "Euskal Herria esentziak" liburuko argazkiek zuten trataera berezia eta antzeko zerbait lortzen ahalegindu nintzen. Ez dakit lortu nuen baina gustora geratu nintzen argazki honekin eta I. Arrigazte argazki lehiaketara aurkeztu nuen. Duela gutxi jakin dut 3. saria jaso dudala.
Hauxe da argazki honen atzean dagoen historia. Nire asmoa argazkiak publikatu eta hauek atzetik dutena kontatzea izango da blog honen bidez. Esan beharra dut www.comolahice.com web orritik jaso dudala ideia hau.
Zer deritzozue, idea horretan oinarrituz, talde bat sortu eta bakoitzak bere argazkiak igo eta nola egin genituen kontatzen badugu?
Eguneraketa: hona hemen datu teknikoak. 70mm, f8 eta 1/250eko abiadura. ISO 200.
Ziur gaude unibertsitateko irakasle bat bazara, zure herriko elkarte batean lan egiten baduzu edota gogoko dituzun gaien inguruan lan egiten duen pertsona bazara, zure ezagutza beste batzuekin partekatzeko gogoa izan duzula noizbait. Iritsi zara geltokira, hau da zure gunea.
Zutagu, 2009 — Honi buruz · Kontaktua · Pribazitate politika · Erabilpen baldintzak
Powered by Elgg. Gune hau
aldiz bisitatu da.
Bizkaiko Foru Aldundiaren
Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren laguntzaz.