
Kamerarekin endredatzen hasi eta denetik probatu nahi izaten dugu. Proba baten historia kontatuko dizuet bada.
Beharbada batzuek entzunda daukazue zeta-efektua zer den, mugimenduan dagoen urari argazkia egiteko esposizioa luzatzen baduzu, urak testura leuna eta lausotua hartzen du argazkian, lanbroa edo lurruna balego bezala. Efektu polita lortzen da eta argazki asko egiten dira horrela itsaso bazterrean eta mendiko erreketan adibidez.
Argazki hauek egiteko esan bezala, esposizio luzea behar da, ez oso, baina kamerari eskuz eusteko baino luzeagoa bai, tripodea komeni izaten da beraz, bestalde, egun argiz egin nahi badugu, argazkia ez "erretzeko" argitasuna kentzen duten filtroak komeni dira, dentsitate neutroko filtroak edo.
Tira, ba horrelako bat probatu gura eta hemen Bilbon ez daukagu ez itsasorik ez mendiko ur-jauzi askorik, eta kanpora joateko alfertuta, gogoratu nuen Abusu auzoan, Ibaizabal-Nerbioi binomioa erreka kategoriatik itsasadar kategoriara pasatzen den lekuan, presa bat daukagula, Abusu ikastolaren aurrean hain zuzen. Eta domeka arrasti tonto batean, kamera hartu eta hara jo nuen Atxuritik paseoan, eta badakizue, paseoan kamera eskuan daukazula ez duzu trastoa trankil uzten, ez.
Total, presara ailegatu orduko bidean partida bat argazki eginda nengoen, eta bertan nagoela tripoderik ez gainera. Eskerrak bazterrean barandila sendoa dagoela eta kamera haren gainean zelan edo hala paratzea lortu nuen. ND8 filtroa ipini, polarizadorea ere bai badaezpada, eguna argitsu zegoen-eta (eduki ezkero porlan kapa bat ere botako niola uste dut XD). Obturadorea 5 segundutan ipini, eta tripode barik nengoenez tenporizadorea erabili nuen. Botoiari sakatu eta horra argazkia.
Argazkia, bat eta bakarra, ze bisorean agertu orduko kamera amatatu egin zen, bide luzea aurretik eta bateria agortuta. Baina tira, proba egiten joan eta azken sprintean ozta-ozta lortu nuen. Lastima gehiago egin ezin izana (bateriak etxean ahaztuta) baina sikieran argazki kuriosoa geratu zen, eta eguneko helburua beteta: zeta-efektua Bilbotik irten barik lortu daiteke :DDDD
Datu teknikoak: Canon EOS 1000d kamera, 18-55 objektiboa (kit-ekoa) 18mm-tan, 5 segunduko esposizioa (tripode munizipalaren gainean), f/14, ISO 100. RAWn eginda eta Lightroom-en prozesatua: arteztu ("tripode" hori ez dago ondo nibelatuta), esposizioa, beltzak, tonuak (orijinalean lohi kolore lartxu neure gusturako).
Auggie
Profila
Lagunak
Honen lagunak:
Bloga
Fitxategiak
Orrialdeak
Agian ohiko arroka, itsaso, mendiko ur-jauzietara ohiturik gaude argazki mota hontan, hau originalagoa ikusten da. Etxeorratz bat ematen du, pikatuan aterea. Oso dotorea.
Auggie orain dela 163 egun